XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Proletalgoak bere klaseko interes propioak nagusi jar erazteko lehen saio zuzenak, irakintasun jeneralezko memento batean, feudal gizarteak lurra jotzen zuenean gertatuak, nahiz eta nahi ez porrot eginik gelditu ziren, bai proletalgoaren beraren aurreragabeko egoeragatik eta bai haren emantzipaziorako behar ziren kondizio materialak falta zirelako, kondizio hauk burjeseriaren etorreraz, eta ez bestela, etortzen baitira.

Proletalgoaren lehen mugimendu horiekin, lagun bezala, ari zen literatura iraultzaileak nahiz eta nahi ez mamia eta eduki erreakzionario bat du.

Asketismo jeneral eta berdintasun zentzugabeko baten alde agertzen zen.

Propioki sozialista eta komunista ziren sistimak, Saint-Simon-en, Fourier-en, Owen-en, eta abarren, sistimak, proletalgoa eta burjeseria arteko burruka aurreragabearen lehen sasoian agertzen dira, gorago aipaturiko sasoi batetan Ikus Burjesak eta proletariak.

Sistima horien asmatzaileak klase arteko kontrastasunaz ezin hobeki konturatzen dira, bai eta gizarte domeinatzailean bertan ari ziren elementu ezereztaileez ere.

Baina ez dute ikusten proletalgoaren aldetik ezein independentzia historikorik, ezein mugimendu politiko berez dagokionik.

Klaseen kontrastasunaren aurreramendua industriaren aurreramenduarekin batera hazten denez gero, ez dituzte halaber ikusten proletalgoaren emantzipaziorako kondizio materialak eta kondizio horik kreatzeko asmotan, sozial zientzia baten bila hasten dira.

Sozial ekintzatasunaren lekuan beren buruen asmamenaren ekintzatasuna jartzen dute, emantzipaziorako kondizio historikoen lekuan fantasiazko kondizioak; proletalgoaren, klase bezalako, berezko eta mailaz mailako erakundearen lekuan, berberaiek goitik behera kreaturikako sozial erakunde bat.

Haien ustez, munduaren etorkizuna propagandan eta berek gizarteaz egindako planak aplikatzean konpontzen zen.

Hala ere, plan hauk egiterakoan, ohi ez bezalako ardura jartzen dute, denen gainetik, langile klasearen interesen alde egiteko, berau gehienik sufritzen duen klasea baita.

Haien ikusmiraz, proletalgoa gehienik sufritzen duen klasearen itxuraz besterik ez dago.

Baina klaseen burrukaren forma aurreragabe xume hark, bai eta beren bizimoduak berak ere, klaseen arteko edozein kontrastasunen gainetik egotera eramaten ditu.

Bizimoduaren kondizio materialak gizartekide guztientzat hobetu nahi zituzten, bai eta pribilejiatuentzat ere.